Ametsen Bidea, ospitale gizatiarrago baten alde

Donostiako Kelerren egoitzan aurkeztu berri da Ametsen Bidea egitasmoa. Proiektu horren protagonista Arkaitz Erice “Kalu” da eta kirolari horrek Gipuzkoako kostaldea korrika zeharkatuko du, Mutrikutik Hondarribiraino, guztira 120 km inguru. Bere jaioterritik igarotzean, Lezotik, Juneren Hegoak eta Markelen Irria-ko lagunak egongo gara bertan bere zain, animoak eta indarrak emateko bere azken kilometroetan.

Erronka honen helburua jardunaldi solidario bat antolatzea da, diru-bilketa egiteko Super Hache erakundearen proiekturako. Azken honen xedea Donostiako Ospitalearen ama-haur gunea gizatiarragoa bihurtzea da. Era berean, sortzetiko garun-paralisia duen Markel Merino haurraren “terashuit” tratamenduarekin jarraitzeko dirua jaso nahi da, Markelen bizi-kalitatea hobetzeko.

Super Hache proiektuak lehentasuna eman nahi dio ospitaleko ama-haur guneko larrialdi, onkologia eta 3.solairua gizatiartzeari. Helburua da haurrak ospitalean duten bizipena edota esperientzia hobetzea eta horretarako, ospitaleko espazio ezberdinak egokitu nahi dira. Dagoeneko hasita daude gune hartako paretak eta hainbat espazio koloreztatzen, baina proiektuarekin jarraitu ahal izateko beharrezkoa da dirua biltzea.

Hori dela eta, Juneren Hegoak erakundetik deialdia egin nahi diegu herritarrei Lezoko Karlos Saldise plazara gerturatu daitezen eta egitasmoan parte hartu dezaten. Arratsaldeko 16retan hasiko da festa solidarioa eta besteak beste, musika, ikuskizunak, parrillada, su artifizialak, pailazoak, magoak, buruhandiak eta erraldoiak izango dira bertan. Bildutako dirua ume gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko erabiliko da. Juneren Hegoak egun horretan salduko dituen pultseren salmentarekin irabazitakoa ere, helburua horrentzat erabiliko da.

Animatu eta etorri! Gure esku dago gaixo dauden haurren eta euren familien bizi-kalitatea hobetzea. Guk hilaren 27an Juneren hegoei eragingo diegu… eta zuk?